The Good Place (euskaraz Leku Ona edota Alderdi Ona) Michael Schurek sortutako komedia eta fantasiazko telesail estatubatuarra da. 2016ko irailaren 19an estreinatu zen NBC telebista-kate estubatuarrean[1]. 4 sasoi eta guztira 50 kapitulu ditu, gehienak 22 minutu bueltakoak, 2. eta 3. sasoiko lehen kapitulu bikoitzak (43 minutu) eta azken sasoiko azken kapitulua (54 minutu) izan ezik. Kapitulu luze edo bikoitzak bi kapitulu moduan kontatu ezkero 22 minutuko 53 kapitulu izango lituzke, gutxi gorabehera. Telesail osoa Netflix plataforma digitalean ikusgai dago.
Eleanor Shellstrop (Kristen Bell) da telesailaren ardatz nagusia; hil berri den neska gazte bat hildakoen munduan iratzartzen da eta, izan zuen bizimodu paregabeagatik, Michaelek (Ted Danson) «alde onera» bidaltzen du, berak diseinatutako zeru antzerako ametsetako leku batera. Hala ere, Eleanor laster konturatuko da akats baten ondorioz dagoela alde onean eta bere izaera moral inperfektua ezkutatzen saiatu beharko da, pertsona hobea izaten ahalegintzen den bitartean.
The Good Place telesailak hainbat goraipamen lortu izan ditu kritikaren aldetik, bai aktuazinoengatik, bai gidoiarengatik, bai originaltasunarengatik, bai ubikazioarengatik, bai tonuarengatik eta baita bere lehen sasoiaren amaierako biraketa dramatikoarengatik[2]. Honetaz aparte, etika eta filosofia kontuei eman dien begirapuntu ezberdinak ere harrera ona izan du.
2017ko urtarrilaren 30ean NBC telebista-kateak telesailaren 12 kapituluko bigarren sasoia iragarri zuen, urte bereko irailaren 20an ia ordu bateko lehen kapituluarekin estreinatuz[3]. 2017ko azaroaren 21ean NBC-k 13 kapitulo izango zituen 3. sasoia[4] iragarri zuen, 2018ko irailaren 28an 43 minutuko kapitulu bikoitzarekin estreinatuz. Azkenik, 2018ko abenduan NBC-k 4. -eta azken- sasoia iragarri zuen, bi zatitan estreinatu zena, lehena 2019ko irailaren 26an eta bigarrena 2020ko urtarrilaren 30ean.