The Pogues | |
---|---|
The Pogues musika talde irlandarraren 2006ko emanaldia | |
Datuak | |
Ezizenak | Pogues Mahone, (Póg Mo Thóin: "Musuka Ezak Nire Ipurdia") |
Jatorria | Kingcross, London, Ingalaterra. Nahiz eta kideetako batzuk irlandarrak izan gehiengoa ingeles-irlandar jatorrikoak dira |
Musika mota | Irlandar Rocka Irlandar Punka Folk Punka Zeltiar Punka |
Urteak | 1982 - 1996 2001 - 2014 |
Produkzioa | |
Taldekideak | |
Shane MacGowan James Fearnley Spider Stacy Jeremy 'Jem' Finer Andrew Ranken Philip Chevron Terry Woods Darryl Hunt Kide ohiak edo gonbidatuak: Cait O'Riordan Joe Strummer Jamie Clarke Dave Coulter James McNally | |
Sariak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Informazio gehigarria | |
The Poguesen webgune ofiziala | |
The Pogues irlandar eta ingeles nahasketa duen musika taldea da. Batez ere irlandar musika herrikoia jo izan dute, baina bestelako musika moten ageriko eragina ere badute: punka, rocka eta jazza. 1980. hamarkadaren hasieran Londresko Kingcross auzoan sortu ziren.
Punkaren agerpenaren ondorengo urteetan sortu ziren, beharbada horrexegatik euren musika bi zati berdinetan punk musika eta irlandar musika herrikoian erdibiturik dago. Taldearen hasierako eta jatorrizko izena Pogue Mahone zen, irlanderazko Póg Mo Thóin esaldiaren ingeles ahoskera, euskaraz Musuka Ezak Nire Ipurdia esan nahi du, garaiko punk taldeen izenburu probokatzaileen antzera. Sorrerako taldeko hiru kideek (Jem Finer, Spider Stacy eta Shane MacGowan) irlandar musika giroko disko zaharrak entzun ohi zituzten eta abesti herrikoi horien euren bertsioak moldatzea erabaki zuten. Azkenik beren lehendabiziko diskoa argitaratu eta diskoetxeak beren aurreneko taldearen izena The Pogues soilera laburbiltzea derrigortu zituen.
Talde honek berehala sekulako festazale eta mozkorti ospea bereganatu zuen, musika giroan beren lekua egitea lortu zuten, ez euren musikarengatik bakarrik, baita kontzertuetan zehar sortzen ziren liskarrengatik eta taldeko kideek diskoetxearekin zituzten etengabeko hika-mikengatik. Beren abeslari eta buru zen Shane MacGowanen alkoholzaletasuna era arriskutsuan areagotzen ari zenez zenbait desintoxikazio zentrotan sarrarazi zuten. Garai hau izan zen euren disko ospetsuenak kaleratuko zituzten aldia. Aldi oparo honek Hell's Ditch (1990) diskoa kaleratu arte iraun zuen.
1991an, Estatu Batuetara joan ziren musika biran, baina aldi hartan Shane MacGowan gabe, taldetik kaleratu baitzuten. Azken honek Shane MacGowan & The Popes taldearekin batera bere ibilbide musikal berria jorratu zuen. Bestaldetik, The Poguesek, 1991. urtean, The Clash britainiar musika talde mitikoan aritutako Joe Strummer hartu zuen abeslari gisa tarte batez, eta ondoren, Peter "Spider" Stacy finkatu zen The Pogueseko abeslari moduan. Hala, pare bat disko grabatuko zituzten, baina 1996an taldea banandu egin zen. 2001. urteaz geroztik zenbait aldiz berrelkartu ziren taldekideak eta azken kontzertua 2014. urtean eman zuten.