Theodor W. Adorno (Frankfurt, 1903ko irailaren 11 – Visp, Suitza, 1969ko abuztuaren 6a) alemaniar filosofo, soziologo, psikologo, musikologo eta konpositorea izan zen, gizarteari egindako teoria kritikoarengatik ezaguna.
Frankfurteko Eskolako teoria kritikoaren bultzatzaile nagusietariko bat izan zen, eta haren lana Ernst Bloch, Walter Benjamin, Max Horkheimer, Erich Fromm eta Herbert Marcuse pentsalariekin lotzera heldu da, besteak beste. Haientzat, Freud, Marx eta Hegelen lanak funtsezkoak ziren gizarte modernoaren kritika burutzeko.
Faxismoa eta hark berak izendaturiko kultur industria izan ziren kritikaren gai nabarmenenak. Bere idazlanek —hala nola Ilustrazioaren Dialektika (1947), Minima Moralia (1951) eta Dialektika Negatiboa (1966)— eragin handia izan zuten Europako Ezker Berrian.
XX. mende hasierako Europan existentzialismoaren eta positibismoaren korronteak gailentzen ari zirelarik, Adornok Kierkegaarden eta Husserlen ikasketen bitartez historia naturalaren ikusmolde dialektikoan aurrepausoa eman zuen, ontologiaren eta enprismoaren tentazioak kritikatzen zituelarik. Pianista klasikoa zen, eta Arnold Schönbergen dodekafonismoarekiko zuen jakin-minak bultzatuta, Vienako Bigarren Eskolako kide zen Alban Bergekin konposizioa ikasi zuen. Musika abangoardistekiko zuen dedikazioak haren ondorengo lanen oinarria osatu zuen, eta bide batez Thomas Mannekin lankidetzan aritzera eraman zuen, hura Doctor Faustus nobela idazten ari zela, biak Kalifornian Bigarren Mundu Gerratik erbesteratuta bizi ziren bitartean. Gizarte Ikerketarako Instituturako lanean, Adornok autoritarismoari, antisemitismoari eta propagandari buruzko ikerketa eragin-sortzaileetan parte hartu zuen. Beranduago, ikerketa horiek gerraosteko Alemanian Institutuak burutuko zituen ikerketa soziologikoen eredu bilakatuko ziren.