Theresa Mary May (Brasier jaiotzez) (Eastbourne, Ingalaterra, 1956ko urriaren 1a - ), Erresuma Batuko politikaria eta lehen ministro ohia da.[1]
1997an diputatu aukeratua izan zen Maidenhead barrutian. 1999an itzaleko kabinetean sartu zen eta hainbat ardura izan zituen William Hagueren, Iain Duncan Smithen, Michael Howarden eta David Cameronen zuzendaritzapean.
2010eko legebiltzarreko hauteskundeen ondoren, [2] May barne saileko estatu idazkari izendatu zuten David Cameronen koalizio gobernuan, 2015eko hauteskundeen ondoren ere mantenduko zuen postua. Postu hori betetzen bigarren emakumea izan zen, Jacqui Smith laboristaren ondoren. [3] Poliziaren berrantolaketa egin zuen eta drogen eta inmigrazioaren aurkako neurriak zorroztu zituen.[4]
2016an[5], Erresuma Batua Europar Batasunean egoteari buruzko galdeketaren ondorioz, David Cameron lehen ministroaren dimisioa ekarriko zuena, Alderdi Kontserbadoreak hura aukeratu zuen Cameronen lekua hartzeko. 2016ko uztailaren 13an hartu zuen kargua, eta hala, postu hori betetzen zuen bigarren emakumea bilakatu zen, Margaret Thatcherren ondoren.
2019an, Brexit nego[6]ziatzeko orduan izandako jarreragatik haren alderdiaren barnetik zein kanpotik jasandako presioen ondorioz dimisioa aurkeztu zuen Alderdi Kontserbadorearen buruzagi gisa. Dimisioaren ondoren izandako primarioetan Boris Johnson brexit zalea hautatu zuten Mayren ondorengo, eta Lehen Ministro gisa ordeztu zuen 2019ko uztailean.[7]
Theresa Mayk bere burua one-nation kontserbadoretzat hartzen du eta zenbaitek liberal-kontserbadore bezala definitu dute.[8][9][10]