Thomas Alva Edison (Milan, Ohio, Ameriketako Estatu Batuak, 1847ko otsailaren 11 – West Orange, New Jersey, AEB, 1931ko urriaren 18a) asmatzailea eta enpresaburua izan zen.[1][2][3] Gailu asko garatu zituen, hala nola, energia elektrikoa sortzea, masa-komunikazioa, soinua grabatzea eta zinema-filmak.[4] Asmakizun hauek, besteak beste, fonografoa, zinema-kamera eta bonbilla elektrikoaren lehen bertsioak, eragin handia izan dute mundu industrializatu modernoan.[5] Zientzia antolatuaren eta talde-lanaren printzipioak asmakuntza-prozesuan aplikatu zituen lehen asmatzaileetako bat izan zen, ikertzaile eta langile askorekin lan eginez. Ikerketa industrialaren lehen laborategia sortu zuen.[6] 1.093 patente daude haren izenean berak sinatzen zituelako eskaerak Menlo Parkeko laborategiaren izenean, baina ez ziren Edisonek zuzenean asmatuak izan, ingeniari talde apartak harentzat lanean jardun baitzuen, eta askotan Edisonen ekarpena lanen gainbegiratzea eta azken ukitua ematea izaten zen, laborategiaren ospea gehitzeaz gain.[7]
Edison Ameriketako Erdi-Mendebaldean hazi zen. Bere karreraren hasieran telegrafo-operadore gisa lan egin zuen, eta horrek bere lehen asmakizunetako batzuk inspiratu zituen. 1876an lehen laborategiko instalazioa ezarri zuen Menlo Park-en, New Jerseyn, eta bertan garatu ziren bere asmakizun goiztiar asko. Geroago, Fort Myers-en, Floridan, laborategi botaniko bat ezarri zuen, Henry Ford eta Harvey S. Firestone enpresariekin elkarlanean, eta munduko lehen zinema-estudioa, Black Maria, protagonista zuen beste laborategi bat West Orange-n, New Jerseyn. AEBetako patenteez gain, beste herrialde batzuetako patenteak kontutan hartuz, Edison AEBko historiako asmatzailerik emankorrena bezala hartzen da. Edison bi aldiz ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituen. 1931n hil zen diabetesaren konplikazioen ondorioz.[8]