Tiziano Vecellio edo Tiziano Vecelli (Pieve di Cadore, Veneziako Errepublika, gaur egun Bellunoko probintzia, Italia, 1478/1490 – Venezia, Veneziako Errepublika, 1576ko abuztuaren 27a), oro har Tiziano[1] izenaz ezaguna, Pizkundeko italiar margolaria izan zen, veneziar eskolako maisu nagusietako bat, handiena batzuen ustez. Esate baterako, Gian Paolo Lomazzo arte-teorialariak, 1590ean, «izar arteko eguzkia» izan zela idatzi zuen[2].
Tizianok erretratuak, paisaiak, mitologia eszenak edota erlijio gaiak margotzeko gaitasuna izan zuen. Berrogei urterekin hil balitz ere, bere garaian eragin handiena izan zuen artistatzat joko zen. Ibilbide luze eta zabala izan zuen, eta bere margokerak oso aldi ezberdinak izan zituen. Dena dela, hark erabili zituen kolore bizi eta argiak, pintzelkada arinak eta modulazio kromatikoaren leuntasunak ez dute aurrekaririk Mendebaldeko artearen historian.