Toy Story 1995ean egindako haurrentzako animaziozko film bat da, Pixar[1] konpainiak ekoitzia eta John Lasseterrek zuzendua. Pixar ekoiztetxearen lehen film luzea izan zen, bai eta zinemaren historian[2] efektu digitalak dituen lehenengo animaziozko filma ere.
Joss Whedon, Andrew Stanton, Joel Cohen eta Alec Sokolow gidoilariek idatzi zuten istorioaren gidoia, eta Randy Newman musikariak konposatu zuen soinu-banda. Tom Hanks eta Tim Allen izan ziren aktore nagusiak; batak Woody pertsonaiari jarri zion ahotsa, eta besteak aldiz Buzz pertsonaiari. Izan ere, bi horiek dira istorioaren protagonista nagusiak. Filmak jostailu talde bizidun baten abenturak kontatzen ditu, eta hasiera batean aurkaritzat elkar ikusten duten arren, istorioak aurrera egin ahala adiskidetu egiten dira guztiak.
Filma estreinatu eta lasterrera arrakastatsu bilakatu zen[3], Estatu Batuetan eta Kanadan batez ere. Guztira 191 milioi dolar batu zituen hainbat herrialdetan, eta 361 milioi baino gehiago nazioartean. Ordutik, Disneyk eta Pixrlek, arrakasta horri etekina ateratze aldera, pertsonaiak oinarri dituzten jostailu eta bideo-joko ugari kaleratu dituzte, eta lortutako arrakasta izugarriari esker beste jarraipen hauek plazaratu zituen: Toy Story 2 (1999), Toy Story 3 (2010) eta Toy Story 4 (2019). Film horiek guztiak, 1988an filmatutako animaziozko Tin Toy film laburrean daude oinarrituta.