Triatloia kirol olinpiko bat da, hiru kirol-diziplina ezberdin biltzen dituena: igeriketa, txirrindularitza eta martxa lasterketa.[1] Proba batetik bestera ez dago etenik, eta horiek modu ordenatuan gauzatzen dira.[2] Triatloian parte hartzen dutenenei atleta, triatleta edota triatloilari deitzen zaie, eta proban zehar erlojuaren aurka lehiatzen dira, markarik onena lortzeko asmoarekin jarduten dute. Triatletak diziplina batetik bestera aldatzeko behar duen denborari trantsizioa deritzo. Hori horrela, igeriketatik txirrindularitzarako trantsizioari T1 deitzen zaio, eta txirrindularitzatik martxa lasterketarako trantsizioari, aldiz, T2.