Tsung-Dao Lee (txinera tradizionalez: 李政道; pinyinez: Lǐ Zhèngdào; Shanghai, Txina, 1926ko azaroaren 24a – San Frantzisko, 2024ko abuztuaren 4) txinatar fisikaria izan zen. Txinan hasi zen fisika ikasten, baina Japoniaren inbasioaren ondorioz, eten egin behar izan zituen ikasketak. 1946an Chicagon astrofisika ikasteko beka bat lortu zuen. Handik Princeton eta Columbiako (Estatu Batuak) unibertsitateetara joateko aukera izan zuen hainbat ikerketa lan egitera. 1956an Columbiako Unibertsitateko irakasle izendatu zuten. 1957an Fisikako Nobel saria jaso zuen Chen-Ning Yangekin batera parekotasun legeari buruz egindako ikerketengatik.