Xavier Le Pichon (Qui Nhon, Indotxina frantsesa (gero Hego Vietnam eta orain Vietnam), 1937ko ekainaren 18a) frantses geofisikaria da. Le Pichonek ikerketa eta behaketa ugari egin ditu, bai lurrazalaren barne-dinamikaz, baita itsas hondoei buruz ere. Horiei guztiei esker, funtsezko teoriak garatu ahal izan zituen geodinamikaren esparruan. Ordu arte, mantua, lurrazal ozeanikoa eta lurrazal kontinentala bakarrik bereizten ziren geodinamikaren alorrean. Zientzialari honek egindako lanen ostean, ordea, lehen aldiz erabili ziren litosfera eta astenosfera izenak, lurrazal kontinentalak eta mantuaren goiko aldeak osatzen zuten zatia izendatzeko lehena, eta mantuaren zati biguna adierazteko bigarrena.
Le Pichonek frogatu zuenez, dortsalek (riftak) eta fosa ozeanikoek (subdukzio-eremuak) mugatzen zituzten elementu zurrunez osatua zegoen litosfera, eta subdukzio-eremu eta rift horietatik abiaturik sortzen omen da plaken mugimendua. Beraz, Le Pichonen ekarpenak funtsezkoak izan dira plaken tektonikari buruzko teoria lantzeko. 1986az geroztik, Collège de Franceko geodinamika-katedraduna da.