Yosemite Parke Nazionala | |
---|---|
Gizateriaren Ondare | |
II. maila: parke nazional | |
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Mount Lyell (en) |
Mota | National Park of the United States (en) , erakargarri turistiko eta Parke nazional |
Azalera | 3.027,19 km² |
Geografia | |
Koordenatuak | 37°44′33″N 119°32′15″W / 37.7425°N 119.5375°W |
Mendikatea | Sierra Nevada |
Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak |
Estatua | Kalifornia |
Kaliforniako konderri | Tuolumne konderria |
Yosemite Parke Nazionala San Frantzisko hiritik 320 km ekialderago dagoen parke nazional bat da, Ameriketako Estatu Batuetako Kalifornia estatukoa.
Zabalera 3.081 km² ingurukoa da eta Sierra Nevadako mendikatearen ekialdeko magalean dago. Urtero 3 milioi lagunek baino gehiagok bisitatzen dute, eta haietako gehienak Yosemite haraneko zatian baizik ez dira ibiltzen. 1984an parkea gizateriaren ondare izendatu zuten, eta nazioartean ongi irabazia du ospea, bere granitozko amildegiengatik, ur-jauziengatik, kristalantzeko ibaiengatik, sekuoia erraldoizko basoengatik eta aniztasun biologiko handiarengatik[1] (parkeko eremuaren % 95 inguru «gune basati» izendatuta dago). Estatu Batuetako gobernu federalak ezarri zuen lehendabiziko parke nazionala izan zen, eta hainbat pertsonaren lanarekin (hala nola John Muir) parke nazionalen ideia garatzeko eredu argia bilakatu zen.
Yosemite Sierra Nevadako habitat edo bizileku handi eta zatikatuenetakoa da eta landare nahiz animalia aniztasun handia du. Parkea itsas mailatik 600-4.000 metro bitarteko garaieran dago, eta bost landaredi eremu nagusi ditu: haritzen basogunea, behe-mendiko landaredia, goi-mendiko landaredia, landaredi behe-alpinoa eta landaredi alpinoa. Kaliforniako 7.000 landare espezieen erdiak Sierra Nevadan bizi dira, eta % 20 baino gehiago, Yosemite parkearen barnean.[1]
Geologiaren aldetik, granitozko arrokak dira eta arroka zaharragoen arrastoak ditu bereizgarri. Orain dela 10 milioi urte inguru, Sierra Nevada goratu egin zen, eta ondoren alborantz mugitu. Halaxe eratu ziren mendebaldeko magal leun samarrak eta ekialdeko magal malkartsuagoak. Goratzeak ibai eta erreken isurien malda handitu zuenez, haitzarte mehar eta sakonak eratu ziren. Duela milioi bat urte, gutxi gorabehera, elurra eta izotza metatu ziren eta, halaxe, zelai alpino garaienetan, glaziarrak sortu ziren. Glaziar haiek 1.200 metro lodi izatera iritsi ziren; eta, maldan behera zorua higatuz, U itxurako haranak ebaki eta landu zituzten. Gaur egun, bisitari kopuru handia du, «U» itxurako haranek eratutako paisaia ederrek erakarriak.[1]