Zesartar ebakuntza[1] edo, besterik gabe, zesartarra, erditze mota bat da, umekiak ateratzeko amaren umetoki eta sabelaldean ebaki kirurgikoa egitean datzana. Ebaketa 15 cm ingurukoa izan ohi da eta kirurgiaren ostean egun batzuk ospitaleratuta pasatu behar izan ohi ditu amak lehengoratzeko.
Munduko Osasun Erakundeak bere erabilera gomendatzen du bagina bidezko erditzeak arazo medikoak eragin ditzakeen kasuetan soilik eta NOM-007ren arabera, haurdunaldien %15ean baino ez litzateke erabili beharko. Hala ere, gero eta gehiago dira arrazoi medikorik gabe aurrera eramaten diren zesartarrak, normalean amak eskatuta. Ez da gomendatzen era honetako kirurgia bat burutzea haurdunaldiaren 39. astea baino lehen, betiere arrazoi garrantzitsu bat ez baldin badago.
Ez da episiotomiarekin (perineoaren ebaketa bat, bagina bidezko erditzea errazteko egina) nahastu behar, izan ere, zesartarra pelbisaren gainetik egiten da.