Ziza edo onddo jangarriak landatuak edo bilduak izaten diren eta gastronomiarako oso estimatuak diren onddo motak dira.[1] Hala nola, boilurra edo matsutakea. Talde honetako kide diren espezie batzuek zapore oso indartsua dute, adibidez, onddo mingotsak (Tylopilus felleus). Beste batzuek ordea, zapore gozoagoa eta gustagarriagoa dute, adibide gisa ditugu onddobeltza, zizahoria edo gibelurdina.
Ziza basati bat jangarria den erabakitzeko hainbat segurtasun-pausu jarraitu behar dira eta zer perretxikotaz ari garen zehazki jakin. Aipatutakoa da espezie bat jangarria dela ziurtatzeko pausurik edo metodorik fidagarriena: onddoa identifikatzea. Garrantzitsua da jakitea, perretxiko batzuk gehiengoarentzat onuragarriak eta jangarriak diren arren, gutxi batzuentzat kaltegarriak izan daitezkeela, erreakzio alergikoak sor ditzaketelako.