Zona zirkunestelar bizigarri

55 Cancri f-ren orbita 55 Cancri izarraren inguruan. Berdez margotutako lerro lodia gune bizigarria da eta planeta hori gune horretan dagoela ikus daiteke.

Astronomian eta astrobiologian, zona zirkunestelar bizigarria,[1] zona zirkunestelar habitagarria[1] edo laburtuta gune bizigarria, izar baten inguruko orbita tarte bat da, non aski presio atmosferiko duten gorputzek ur likidoa izateko moduko tenperaturak dituzten. Hartarako gorputzak 0,5 eta 10 M artean eduki behar ditu eta 6,1 mbar baino presio atmosferiko altuagoa.[2][3][4] Goian aipatutako bi aldagaiez gain beste hainbat ere aintzat hartu behar dira gorputz bat izar baten gune bizigarrian dagoela esan nahi bada, hala nola, eszentrikotasun orbitala, gorputzaren errotazioa, ezaugarri atmosferikoak edo aparteko bero-iturriak, errotazio sinkronoa adibidez.[5]

Egilearen arabera gune bizigarriaren mugak aldatu egiten dira, baina gure eguzki-sistemakoaren mugak Eguzkiarekiko 0,84 eta 1,67 UAra daudela onartu ohi da.[6] Lurra gune bizigarritik at egongo balitz bizia, ezagutzen dugun moduan, ezinezko litzateke; Eguzkiarekiko hurbilegi egonda Artizarrekoaren antzeko prozesua abiaraziko litzateke, hau da, kontrolik gabeko negutegi-efektua eta aldiz, urrunago egongo balitz gainazaleko ur guztia izoztu egingo litzateke.[7]

Exoplaneta harritsuak euren izarrarekiko gune bizigarrian aurkitu izanak gune horren inguruko interesa areagotu du astronomoengan.[8] Kepler teleskopioak eginiko aurkikuntzek iraultza ekarri dute astrobiologia, exoplanetologia eta astrofisikara, besteak beste.[5][9]

  1. a b Euskaltzaindia: Astronomiako Oinarrizko Lexikoa.
  2. Forget, François. On the probability of habitable planets.. Arxiv.org.
  3. Perryman, 2011, 267. or.
  4. Selsis, 2007, 2. or.
  5. a b Perryman, 2011, 283. or.
  6. Kasting, Whitmire eta Reynolds, 1993, 10. or.
  7. (Ingelesez) September 2011, Charles Q. Choi 01. «Alien Life More Likely on 'Dune' Planets, Study Suggests» Space.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-28).
  8. (Ingelesez) January 2015, Mike Wall 06. «1,000 Alien Planets! NASA's Kepler Space Telescope Hits Big Milestone» Space.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-28).
  9. (Ingelesez) «Planets in the habitable zone around most stars, calculate researchers» Astrobiology Magazine 2015-03-18 (Noiz kontsultatua: 2020-05-28).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne